Zoramena unibertsitate barruan… eta kanpoan

Goizean goizetik sumatzen zen Deustuko Unibertsitatean ez zela ohiko egun bat izango. Izan ere, Mundaizko zubia zeharkatu bezain laster, zalaparta nabari zen zebra-bidearen inguruan. Hotza eta euria alde batera utziz, ikasle talde batek kikara bat kafe eskaintzen zion semaforoa errespetatzen zuen bakoitzari. The Fun Theory hasi besterik ez zen egin!

Doako kaferik lortu ez eta kafeina bila kafetegira zuzendu ziren guztiek, bigarren ustekabe bat aurkitu zuten: ilaran jarri beharra zegoen! Eguneroko kaosa beharrean, ordena zen nabari, baina ez edonolako ordena. Erabiltzaileek bi ilaren artean aukeratu beharra zuten: liburuak zituen ilara intelektual bat edo erritmoz beteriko ilara dantzazale bat. Zeinetan jarri zinen zu?

Kafea hartu ondoren, kartoizko kikara barraren gainean utzi ordez, zergatik ez lehiaketa batean parte hartu? Kafetegiko pareta batean idatzita zegoen: “Zer nahiago duzu? Bizitza osoan hiru ordu lo egin koltxoi egoki batean edo nahi bezainbeste harri batean”. Galderaren bi erantzun posibleetako bat aukeratzeko, erantzunari zegokion zakarrontzira bota behar zen zaborra. Eta emaitza noski, jasotako zabor kopuruaren araberakoa zen.

Kafetegia utzi eta zigarroa erretzeko ohitura (txarra) dutenek, seguraski pinguinoz mozorroturiko hainbat gazterekin egin zuten topo kafetegi irteeran. Eskutik heldu eta alfonbra gorri bat igaroz, erretzaileentzat soilik gordetako gune berezi batera eramaten zituzten. Zergatik pilatu denak kafetegiko sarreraren aurrean?

Kafetegiko ohiturak, komunen erabilerak, ginkanak, zigarro-puntak… ostegun hartan Erasmus ikasle talde haiek gure egunerokotasuneko hainbat ekintza negatibo, modu dibertigarrian zuzentzen lagundu ziguten. Eskerrik asko!

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *